Radixu irratiak antolatutako Zapato Azule ospatuko da ekainaren 27an eta azken urteetan Ondarroara datorren jendetza eta jaiak herriarentzat suposatzen duena ikusirik, hainbat neurri hartu ditu Udalak, plan berezi baten baitan. Neurri horiek gai desberdinei dagozkie eta iragan urteetako balorazioen eta Udalko sail desberdinen arteko lanketaren ondorio dira. Besteak beste, garbitasuna eta hondakinen kudeaketa, segurtasuna, eraso matxisten kontrako protokoloa, komunak, aparkalekuak, garraioa eta azpiegiturei dagozkien gorabeherak zehaztu dira. “Plan bat ipini dugu martxan herria ahal bezain arinen lehengoratzeko, jakinda jendetza egongo dela zapatuan Ondarroan eta ez dela erraza izango. Aurten esfortzu berezia egin du Udalak larrialdi zerbitzuak indartzeko eta hondakinen kudeaketa hobetzeko.
Iaz modura, aurten ere Ondarroako Udalak jaiguneari estaldura emango dion mediku eta anbulantzia zerbitzu propioa kontratatu du. Zerbitzu hau indartu beharra ikusi zen iaz, ahal diren artapen guztian lehenbailehen egin eta Osasun Zentrora herritar gutxien joan daitezen, ahal den heinean. Horretarako, medikuaz gain, erizain bat eta teknikari bi ere egongo dira aurten. Zaldupe udal futbol zelaiko aldagelen eraikin berria erabiliko da larrialdiak kudeatzeko zentro modura, eta bertan egongo dira bai osasun langileak eta baita Udaltzaingoa ere. “Espazio asko eta desberdinduak izateak osasun langileen lana erraztuko du eta horrela lortuko dugu arreta lehenbailehen eskaintzea eta anbulategia ez saturatzea jaitik doazen pertsonekin; anbulategia ohiko zerbitzuetarako ahalik eta libreen mantentzea da helburua, gainerako herritarrek dituzten beharrizanetarako”, zehaztu du Irina Alkorta Bedialauneta alkateordeak.
Zapato Azuleko dispositibo guztia Udalak kontratatutako autobabes plan batean jaso da eta hori izango da edozein larrialdi edo eginbeharren aurrean jarraitu beharreko gida.
GARBITASUNA: Udalak bere baliabide guztiak ipiniko ditu martxan biharamunean herria garbitzeko: pertsonala, ibilgailuak, materiala… Hala eta guzti ere ez da erraza izaten herria lehengoratzea. Horretarako, ahalik eta hondakin gutxien sortzea eta sortutakoa zamarpotoetara botatzea dira garrantzitsuenak. Zaindu herria! Zaindu Ondarroa! Jaiguneko garbitasuna ahalik eta efizienteena izateko, domekan (ekainak 29) ezingo da Usandizaganetik Kantoiperuntz sartu kontrako norantzan. Denok nahi dugu herria garbi egotea biharamunean, baina ezinezkoa da egun bakarrean puntu estrategiko guztiak garbi eta txukun egotea. Domeka goizerako hondartza ingurua eta eguerdirako jaiguneak garbi izateko ahalegina egingo da, lehentasuna puntu horietan ipiniz; hurrengo egunetan ere jarraituko da jaiarekin zerikusia duen garbitasunarekin, Zapato Azulak duen dimentsioak ezinezko bihurtzen baitu Udal brigadak domekan bertan dena garbitu ahal izatea. Txosnaguneei eta tabernei ere euren ingurua ahalik eta garbien mantentzeko deia luzatuko zaie; jaia bai, baina ingurua errespetatuz eta herria ahalik eta garbien mantenduz.

UDALTZAINGOA: Azken urteetan modura, ekainaren 28an udaltzainek 24 orduko zerbitzua eskainiko dute. Hauek dira bertako telefono zenbakiak: 092, 94 683 36 73 eta 669 789 159. Aurten ere ez dira euren bulegoan egongo, horrek hainbat zailtasun sortzen baitzituen zerbitzua behar modura eskaini ahal izateko. Futbol zelaian muntatuko dute larrialdi zerbitzuen koordinazio mahaia, Udalak kontratatutako osasun zerbitzuekin batera.
092 telefono zenbakia Ondarroako Udaltzainen komunikazio sistema berria da; herriko edozein gunetatik zenbaki horretara deituta, zuzenean Ondarroako Udaltzainei iristen zaie deia. Telefono honek beste hainbat herritan ere eskaintzen du zerbitzua eta deia egiten den herriko udaltzaingoan jotzen du telefonoak.
ESPAZIOAK: Musika Plaza ez dagoenez erabilgarri, itxita egongo da eremua, plaza erdirarte. Beraz, eszenatoki ingurua ez ezik beste guztira sartzea galarazita egongo da. Frontoia irekita egongo da.
ERASO MATXISTEN KONTRAKO ARRETA ZERBITZUA: Aurreko urteetan bezala Udalak zerbitzu hau eskainiko du, 18:00etatik 08:00etara. Erasoren bat ikusten edo jasaten baduzu, deitu: 688 772 772. Arreta presentziala ere eskainiko da, Etxelilan.

APARKALEKUAK: Jaira etortzen den jendetza ikusita hainbat aparkaleku egokituko dira: Zaldupe eskolako, Zubi Zahar herri ikastolako eta Arrantza Eskolako jolastokiak, Zaldupeko kiroldegiaren aurreko plaza eta Zaldupeko frontoia esaterako. Autobus pribatuak ezingo dira herrigunean egon aparkatuta. Aparkaleku berezi hauek hustuta egon beharko dira igandeko 20:00etarako.
HONDAKINAK: Hondakinak biltzeko edukiontzi gune bereziak ipiniko dira jaiguneko hainbat puntutan, Lea Artibai Mankomunitatearekin elkarlanean.
KOMUNAK: Komun zerbitzua indartu egin zen duela bi urte eta aurten ere horrela jarraituko da. Kantoipe errebueltan egongo da ipinita komun irisgarria.
IGOGAILU PUBLIKOAK: Arratsaldeko 17:00ak aldera itxi egingo dira Kantoipeko igogailua eta korreta; 19:00ak aldera, Iparkaleko eta Pixapeko igogailuak. Ordu horretan hasten da jendea jaigunetik aldentzen eta orduan gertatzen dira gorabeherak igogailuetan. Hobe da arratsalde batez itxita egotea igogailuak eta ez matxuraren bat eragin eta egunetan zerbitzuz kanpo izatea. Korreta ere itxi egingo da arratsaldean.; Kantoipeko igogailuarekin batera itxiko da.
ORDUTEGIAK: Zapato Azule jai egun modura izendatuta dagoenez, tabernek bi ordu gehiagoz zabalik egoteko baimena daukate; daukaten kategoriaren araberako ordutegiari dagokion luzapena da.
AUTOBUSAK: Lea-Artibai eskualdeko biztanleek Gababus zerbitzua daukate eskuragarri, bai Ondarroara etortzeko eta baita itzultzeko ere. Informazio guztia HEMEN.
Ondarroara datozenak garraio publikoan etor daitezen eskatzen du Ondarroako Udalak, Bizkaibus eta Lurraldebus zerbitzuak erabiliz. Ondarroatik irtetzeko, domeka goizaldean, zerbitzu haiek egongo dira:
- BIZKAIBUS
– A3916 BILBAO – ERMUA – ONDARROA (Autopista) linea: Bilborainoko ohiko zerbitzuaz gain, 06:40an, Ondarroa eta Markina-Xemein arteko errefortzua ere egongo da.
Egunean bertan, ohiko zerbitzua eskainiko du linea honek, hau da, orduro aterako dira portuko geltokitik Bizkaibusak 20 gutxiagotan, 19:40era arte.
– A3915 BILBAO-DURANGO – ONDARROA (Autopista) linea: Bilborainoko ohiko zerbitzuaz gain, 07:05ean, Ondarroa eta Iurreta arteko errefortzua ere egongo da.
Egunean bertan, ohiko zerbitzua eskainiko du linea honek, hau da, orduro aterako dira portuko geltokitik Bizkaibusak eta bostean, 20:05era arte.
21:25ean, ohi modura, Ondarroa eta Markina-Xemein arteko zerbitzua eskainiko du Bizkaibusek.
*OHARRA: 06:40ean eta 07:05ean bina autobus egongo dira, bata Bilboraino eta bestea Markina-Xemein edo Iurretaraino; mesedez, Markina-Xemeineraino edo Iurretaraino joan behar direnek hartu dezatela errefortzuko autobusa, eta ez ohikoa (Bilboraino doana), ahalik eta okupazio handiena lortze aldera.
- LURRALDEBUS
– ONDARROA-EIBAR-ERMUA: ohiko zerbitzuez gain, autobusak irtengo dira Ondarroatik (portuko paradatik) 2:45ean, 4:45ean eta 6:45ean. Ohiko zerbitzuei buruz galdetzeko edo hauek izan ditzaketen gorabeheran informazio zehatza jakiteko telefono bat ipini dute: 900 300 340.
Ondo pasa. Errespetuz jokatu. Zaindu herria. Zaindu herritarrak. Zaindu Ondarroa.
Zakarrak, zakarrontzira. Etxe atariak eta erakusleihoak ez dira pixatokiak. Errekara eta hondartzara zikinik ez.
Denona dena, zaindu. Zure etxean egingo ez zenukeena, Zapato Azulean ere ez.




