Ondarroako Udalak eta UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak) azkenaldian hauteman dute herrian ugaritu egin direla euskararen bidez integratzeko zailtasunak dituzten ikasleak. Egoera ez da bat ere erraza: Ondarroa herri euskalduna da eta gehiengoak euskaraz dihardu egunerokotasunean. Hau dela eta zailtasunak agerian daude: kanpotik datozen ikasle etorri berriek etxean eta kalean oso inguru erdalduna izan ohi dute eta horrek zailtasuna sortzen du euskararen bidez integratzeko.
Adibide esanguratsuena da ume hauetako askok, arrazoi desberdinengatik, ez dutela eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzen, eta, beraz, aisialdian jaso dezaketen euskara apurra ere ez dutela jasotzen.
Arazo honi irtenbidea emateko eta hizkuntza integrazioa errazteko ahalegin berezia egin behar duela uste izan du Ondarroako Udalak: “Udalak alde batetik eta herriko eragileek bestetik jo beharrean, garrantzitsua da elkarlanean aurrera egitea. Horretarako proposamen bateratua planteatu dugu eta, horrela, eskolaz kanpoko herriko aisialdi, kultur eta kirol eskaintzan parte hartzeko erraztasunak eman nahi izan ditugu, herrian antolatzen diren jarduerak ikasle guztiengan zabaltzeko”, esan du Irina Alkorta Bedialauneta alkateordeak.
Zatoz programa beharrizan horri erantzutera dator eta aurtengo udan egingo diren eskolaz kanpoko hiru kirol jardueratan parte hartzeko aukera eman die 6-16 urte bitarteko ume eta gazte zaurgarriei: “udan egiten diren hiru kirol udalekutan izena emateko aukera eman diegu herriko gaztetxoei: Kiroldegiko Udalekuetan, Aurrera Kanpusean eta Udako Arraun Eskolan”. Ikastetxeen bidez, ume zaurgarrien zerrenda bat egin da (baremazio taula bati jarraituz) eta aisialdiko eskaintza helarazi zaie. Udalaren, ikastetxeen eta aipatutako ekintzak antolatzen dituzten taldeen elkarlanari esker, ume guztiek izango dute uda honetan jarduera hauetan parte hartu eta aisialdian euskaraz egiteko aukera. Udan egingo da froga, eta ondo badoa, gero ikasturtera zabaltzeko aukera egongo da.
Ume hauen aisialdi ikastaroetako matrikulazioa Udalak eta klubek hartuko dute euren gain: “eskertuta gaude, elkarlanean oinarrituta herriko ume zaurgarrienen beharrizan bat bete ahal izan dugulako. Proiektu polita da, baina elkarlanik gabe ezinezkoa litzateke. Eskerrak eman nahi dizkiet parte hartu duten eragile guztiei”, azpimarratu du alkateordeak. Programaren kudeaketa Udaleko hezkuntza sailetik egin da.



